XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hartan, Fernando Antsorenak 1886an 1. txistulari plaza irabazi zuen Balmasedan.

Hara joan zen bizitzera eta hantxe izan zen harik eta 1902an 37 urte zituela hil zen arte.

Herritik hau aldentzearekin desagertu egiten da Udal Bandatik Antsorena deitura, hamarkada batean zehar bere ibilbidea egin ondoan.

Fernando Antsorenak herriko banda utzi zuen urte berean jaioko zen Patxi Antsorenaren lehen semea Joxe.

Sei urte geroago, berriz, Isidro.

Aita gogotik saiatu zen biei ere antzinako gure musika-tresnarekiko zaletasuna sustatzen.

Joxe eta Isidro, Antsorena anaia bion giza ibilbidea hain hertsiki lotua joan zen historian zehar, non ez den batere erraza azterlan honetan bata bestearengandik bereiztea.

Zerbaitengatik Hernaniko Udalak biak orobat harturik Antsorena Anaiak kalea izendatu zuen.

Dena den, jauzi kronologiko bat eginez, jo dezagun 1970. urtera, biek kobratu behar zuten jubilazio pentsioa zela eta, agiria sinatzerakoan sortu zen gatazka koxkorra ikusteko.

Nahasketa bat gertatu zen funtsean, zeren eta beren izen ofizialak, bata Joxe Julian eta bestea Joxe Isidro baitziren.

Agiri horretan garbi aitortu zuten bata soilki Joxe izendatzea eta bestea soilki Isidro izendatzea, elkarrekin adostasunean, gaztetan hartutako erabakia zutela.

Joxe, herrian edonork zekienez, nortasun handiko gizona genuen, azterlan berezia merezi duen pertsona eta noizbait egitekotan uzten dudan zeregina ikusten dut.

Ordainez, orain bakar bakarrik bere txistulari izatearen alderdia azpimarratuko dut.

Hara, 1904an 2. txistulari izendatua izan zen Joxe Antsorena, Joan Olaizolaren ordez.

Ez zen inoiz osasun azkarrekoa izan eta maiz askotan Isidrok egin behar izan ohi zituen haren ordezkapenak.

Teodoro Erauskin 1907an hil zenean, Joxek hartu zuen 1. txistulari izatea, Isidro 2. txistulari izaten hasi zelarik.

Baina 1909an, osasun arrazoiak bitarteko, erabakiorki plaza hori utzi beharrean gertatu zen, nahiz eta, hala hola bederen, 1910ko martxora bitarte jarraitu zuen.

Urte berean, Isidro izan zen 1. txistulari izendatua, Alberto Alberdi 2. txistulari eta honen ordez, 1913an, Nikolas Zubillaga, gisa horretan jarraitzen duelarik 1921 urteko abendura arte.

Bitarte horretan Joxeren zaletasunak osasun arazoak gainditu ahal izan zituen eta, desinteresatuki, aipaturiko talde horrekin batera silbotari bezala eskuhartu ohi zuen lehiaketa desberdinetan.